Kanpainak entzuteari, elkarren ondoan egoteari eta elkarrekin partekatutako uneei lekua egitera gonbidatzen gaitu, gazteen ongizate emozionala zaintzeko.
Urriaren 10ean ospatzen den Osasun Mentalaren Munduko Eguna dela eta, CBREk kudeatutako Bilbondo merkataritza-parkeak bat egin du «Geratu pixka bat» kanpainarekin. ANAR Fundazioarekin, Buru Osasuna Euskadirekin, AGIFESekin, ASAFESekin, ASASAMekin eta AVIFESekin batera garatutako ekimenak gazteen osasun mentalaren garrantziaz kontzientziatzea eta ingurukoekin kalitatezko denbora partekatzearen balioa azpimarratzea du helburu.
Gerorako uzten dugun elkarrizketa bat. Aurrean dugun pertsonari baino mugikorrari arreta handiagoa jartzen diogun mahai bat. Hitz egiteko beharra duen norbait, baina nondik hasi ez dakiena. «Geratu pixka bat» kanpainak gelditzera eta eguneroko une horiei arreta jartzera gonbidatzen gaitu.
Ekimen honen bidez, Bilbondok mezu erraz bat helarazi nahi dio bere komunitateari: zaintzea ondoan geratzea ere bada. Denbora eskaintzea, presarik gabe entzutea eta gertu ditugunei lagun egitea.
Guztioi dagokigun errealitatea
ANAR Fundazioaren Laguntza Lineen 2025eko Urteko Txostenaren arabera, fundazioak 19.990 haur eta neraberi lagundu zien Espainian urte hartan, bere laguntza lineen bidez. Gainera, ANARek artatutako osasun mentalarekin lotutako kasuen % 63,3an, teknologiaren erabilera desegokia ageri zen.
Datu horiek testuingurua ematen diote kanpainari, eta besteekin harremanak izateko moduaz eta egunerokoan elkarrizketei eskaintzen diegun tarteaz hausnartzera gonbidatzen gaituzte.
Gonbidapena helduei ere zuzentzen zaie: pantaila alde batera uztea, erantzun bat arretaz entzutea edo behin eta berriz gerorako uzten dugun elkarrizketa horri heltzea besteekin gaudenean arreta osoz egoteko moduak dira.
Hitz egin behar baduzu, badago entzuteko prest dagoen norbait
Laguntza eskatzea elkarrizketa batekin has daiteke. Horregatik, Bilbondotik ANAR Fundazioaren laguntza kanalak ezagutarazi nahi ditugu. Haur eta nerabeei ez ezik, adingabe batengatik kezkatuta dauden helduei ere zuzenduta daude.
«Geratu pixka bat» kanpainaren webguneak Buru Osasuna Euskadiren, AGIFESen, ASAFESen, ASASAMen eta AVIFESen baliabideak ere biltzen ditu, gure inguruan informazioa eta laguntza eskuratzea errazteko.
Bizkaian, AVIFESek gertuko laguntza eskaintzen die gazteei eta haien familiei, Gazteori gunearen bidez. Gainera, Livin’ Salud Mental bezalako ekimenek eta «La vida loca» podkastak osasun mentalari buruzko informazioa gazteengana hurbiltzen laguntzen dute, gaiari buruz aurreiritzirik gabe hitz egitea sustatuz eta behar denean laguntza eskatzearen garrantzia gogoraraziz.
Laguntza behar baduzu edo gertuko norbaiti nora jo dezakeen jakiten lagundu nahi badiozu, kanpainaren webgunean kontsulta ditzakezu eskuragarri dauden kanalak.



